Amaia 2011/03/31


Euskaraz elkarrekikotasuna adierazteko, elkar izenordainaz baliatzen gara:

Josuk eta Begok ELKAR maite dute.

(Josuk Bego maite du; Begok Josu maite du)


. Aditza beti agertuko da singularrean:

Aspaldian ez dugu ELKAR ikusi.

Anak eta Josuk ez dute ELKAR ezagutzen.


. Izenordain elkarkari honek kasu-marka guztiak har ditzake, NORK izan ezik.


Askotan egoten gara ELKARREKIN.

ELKARREN ondoan bizi gara.

ELKARREKIN bizi dira.

Ez urrundu ELKARRENGANDIK.

Guk ez diogu ELKARRI hitz egiten.


. Bada beste kide bat elkarrekikotasuna adierazteko: bata bestea.

BATA BESTEaren atzetik etorri dira.

BATA BESTEAren gainean daude.

BATA BESTEAri begira daude. (elkarri begira)

BATA BESTEAREN kontra daude. (elkarren kontra)


. OHIKO AKATSAK:


. Zenbaitek, erdararen eraginez, elkar izenordainaren ordez, aditz laguntzailea aldatzeko joera dauka.

*Jon eta Susana ez DIRA agurtzen; Jonek eta Susanak ez dute ELKAR agurtzen.

*Askotan ikusten GARA; Askotan ikusten dugu ELKAR.

*Ordudanik ez diogu ELKARRI hitz egiten; Ez diogu ELKARRI hitz egiten.


. Beste zenbaitek elkar kasu-markarik gabe erabiltzeko joera dauka, dagokion kasuan deklinatu beharrean.

*Horiek ez dute ELKAR hitz egiten; Horiek ez diote ELKARRI hitz egiten.

*Orain ELKAR bizi dira; Orain ELKARREKIN bizi dira.



- Praktikatzeko jarduerak: HEMEN.
------

-----

Amaia 2011/03/27


Gure planeta errespetatu eta zaindu behar dugu. Ingurunea guztiona da eta inork ez dauka hondatzeko eskubiderik.


Mezu hau Michael Jacksonek ere transmititu zigun 1995ean grabatu zuen "Earth song" abestiaren bidez. Abesti honetan egungo hainbat suntsipen salatu zituen: lurraren hondamena, gerrak, tribuen txirotasuna, gizon eta animalien sarraskiak, berotze globala, naturaren suntsipena...


Jacksonek grabatutako bideoklipak Grammy sarietarako nominazioa izan zuen 1996an.


Merezi du, bideoa ikusi eta letra irakurri ondoren, hausnartzeak.


BIDEOA IKUSTEKO: HEMEN

Abestiaren letra eta itzulpena irakurtzeko: HEMEN. Errepasatu zure ingelesa!

Amaia


Izen sintagma sakontzeko teoria eta ariketak hementxe dituzu: KLIK.


Argibide gehiago: KLIK. eta gehiago: KLAK.



Amaia


. Bihurkarietan izaki berari erreferentzia egiten dioten bi izen-sintagma daude, hau da, ekintzaren egilea eta hartzailea pertsona bera da.


. Euskaraz perpaus bihurkariak adierazteko izenordain indartuen genitiboa + BURUA egituraz baliatzen gara:

Nik NEURE BURUA zaindu behar dut.

. Egitura hau deklinatu egin daiteke:

BERE BURUAREKIN hitz egiten omen du.

Guk GEURE BURUA eskaini dugu laguntzeko.

Zu ZEURE BURUAZ arduratu!

NEURE BURUARI galdetzen diot zer egingo dudan.


. Gogoan izan izenordain indartuen genitiboa erabili behar dela beti: neure, zeure, bere, geure, zeuen, euren.


. Hala ere, zenbait aditzekin beste egitura bat erabiltzen da bihurkaritasuna adierazteko: garbitu, dutxatu, orraztu, jantzi, apaindu, prestatu, aurkeztu.

Orraztu zara? Dutxatu naiz.

Berehala jantziko naiz Oraintxe apainduko naiz.


OHIKO AKATSAK: KONTUZ!


. Gero eta joera handiagoa dago, erdararen eraginez edo, bihurkaritasuna adierazteko, bere burua esapidearen ordez, izan aditz laguntailea erabiltzeko.

*Nor den galdetzen naiz; Nor den galdetzen diot NEURE BURUARI

*Tiro bat eman da; Tiro bat eman dio BERE BURUARI

. Zenbait aditzekin bihurkaritasuna adierazteko IZAN erabiltzen da *EDUN erabili beharrean. Objektua agertzen denean, *EDUN erabili beharra dago:

*Garbitu zara eskuak?; Garbitu dituzu eskuak?

*Ilea orraztu naiz; Ilea orraztu dut

- Teoria hobeto ulertzeko: HEMEN.

- BIDEOA: Kerman axolagabe.


- Praktikatzeko: 1. jarduera

(Erantzunak: 1-bere burua, 2- bere burua, 3 - zeure buruari, 4 - bere buruarekin, 5 - bere buruarekin, 6 - bere buruaren, 7 - neure buruarekin, 8 - neure buruari, 9 - bere buruarekin, 10 - bere buruaz, 11 - geure burua, 12 - beren burua).

Amaia 2011/03/25


Gaur Jon Arretxe idazle eta bidaiaria izan dugu institutuan.

...

DBH3 eta DBH4ko bi taldek, Arretxeren bi liburu irakurri ondoren (Ostegunak eta Lurraren taupadak), autorea aurrez aurre izateko eta hainbat galdera egiteko aukera izan dute.



Oso mutil jatorra eta hurbila da idazle basauritarra eta mundua ezagutzeko duen zirrara transmititu digu. Gaztaroan ez omen zen ikasle ona eta ez zitzaion gehiegi gustatzen irakurtzea, beraz oso berandu konturatu zen idazle izan nahi zuela. Gaur, ez lukeela bere bizimodua inola ere aldatuko esan digu: "Idazlea" baino ez du izan nahi.

Idazteaz gain Arretxek hainbat zaletasun ditu, besteak beste, bidaiak, opera, kirolak... eta unibertsitatean matrikulatuta dagoela adierazi digu. Energia handiko gizona hau!


Bi liburu hauek bere esperientziatik sortutako lanak dira, guztiz ezberdinak biak: lehenengoa oihanean izan zenekoa, eta bigarrena gaztaroan izandako parrandei buruzkoa.


Power point batean Amazoniako tribuekin izandako erlazioa erakutsi digu; tribuen bizimodua, sinesmenak, oihaneko arriskuak, Amazoniako basoen ustiapena... eta oihaneko biztanleen etorkizun beltzaren berri eman digu.


Bukatzeko, gure galderei erantzun die Jonek, argazkiak atera ditugu elkarrekin eta nola ez! liburuak eskaini dizkigu. Oso gustura egon gara hitzaldian eta atera ditugun argazkiek gaurko eguna gogoraziko digute.

Hurrengorarte Jon eta eskerrik asko!


Arretxek bere liburuetako bat gomendatu digu: Zazpi kolore (musika eta irudiekin tartekatuta). Idazleak berak egindako bidaiak eta esperientziak dira, ''zazpi koloretan'' oinarrituta.



Informazio gehiago: HEMEN. Eta HEMEN.

Amaia 2011/03/18



Ituren Iruñeko merindadearen iparraldean dago, Nafarroako hiriburutik 56 kilometrora.
Zer moduz ulertzen duzu hango euskara? Ikusi hurrengo bideoa eta jakingo duzu!

Hitzetik Hortzera (2011/02/20)
Iturengo inauteriko gora-beherak azaltzera heldu da 'Hitzetik Hortzera' saiora Egoitz Gorrosterrazu iturendarra. Gainera, Iturengo Kontu Eguna eta Ereñotzuko Bertso Mob-a ere izan dute hizpide.





Amaia



Picassoren hainbat marrazki eta grabatu bildu dituzte Bilboko BBK Aretoan. Guztira 70 artelan daude bertan ikusgai, artistak 1922 eta 1971 bitartean sortutakoak.

Picassok erabilitako teknika guztiak daude bilduma honetan: punta lehorra (denetan sofistikazioa gutxienekoa), linograbatua, akuafortea eta litografiak.

Erakusketa ez da grabatuen gaien arabera antolatu, baina, agerikoa denez, asko direla tauromakia lantzen dituzten lanak.

Bildumazale pribatuek eta Vallauris (Frantzia) herriko Zeramika Museoak utzitako piezak dira. Hain zuzen ere, Picasso udalerri honetan bizi izan zen 50eko hamarkadan.

BBK Fundazioak antolatu du erakusketa, eta apirilaren 30a arte izango dira lanok ikusgai.


Tokia: bbk Sala, Kale Nagusia 19 - Bilbo
Ordutegia: astelehenetik larunbatera: 10:00-14:00 eta 16:30-21:00
Igande eta jaiegunetan: 16:30 - 21:00

Informazio gehiago: HEMEN.