Amaia 2010/05/06

Aurten itsas zaporea izango du txangoak: Gipuzkoako kostaldera joango gara, Zarautzera eta Getariara, hain zuzen ere.

Bakoitzak berariazko nortasuna duela, Zumaiak, Getariak, Zarautzek, Aiak eta Oriok osatzen dute Gipuzkoako kostaldeko zatirik biziena.

Zumaian egiten du bat itsasoarekin Urola ibaiak; Orion, berriz, Oriak. Ibai horien ahoen artean, eskualde bizi-bizia da Urola kosta.

Aukera izango dugu Gipuzkoako kostaldea pixka bat ezagutzeko eta hango euskalkiaren berri izateko. Euskal Herriko hondartzarik luzeena bisitatuko dugu (Zarautzekoa), Juan Sebastian Elkano eta Getariako sagua ezagutuko ditugu eta... egunaz gozatzen saiatuko gara.

Ekainak 3:

Egun zoragarria benetan, bero handia, baina itsasoaren kresal-usainak berehala sorgindu gintuen. Lehendabizi ZARAUTZ bisitatu genuen, herritik bueltatxo bat eman eta itsasertzeko paseotik ibili ginen.

Gero GETARIA herri arrantzalea ezagutu genuen. Hango kaleak, portua, hondartza... Batzuk San Antoniora igotzen ausartu ginen, goitik kostaldeko panoramika orokorra ikusi ahal izateko.