Amaia 2012/11/19

Euskararen nazioarteko eguna.

Eusko Ikaskuntzak 1949an sortu zuen manifestuak gaurkotasuna izaten jarraitzen du.


"Heuscara, ialgi adi mundura". Bernat Etxepare apaiz nafarra izan zen, dakigunez, euskal hizkuntzaren unibertsaltasuna idatziz aldarrikatu zuen lehen ahotsa, Linguae Vasconum Primitiae (1545) liburuan.
Lau mende beranduago, 1949an, Eusko Ikaskuntzak Etxepareren lekukoa hartu eta euskara lau haizetara zabaltzeko deia egin zuen, abenduaren 3a Euskararen Eguna izendatuz.

"Beren mintzairaren amodioa piztea Eskualdunen bihotzetan, berek mintza dezaten eta beren haurreri helaraz", ezarri zuen xedetzat euskararen lehen egunerako idatzitako manifestuak -begira irudia-. Dagoeneko mezu hark gaurkotasun handia dauka, oraindik ere.

Euskaltzaleak zeharo kezkatuta zebiltzan, 1940ko hamarkadan. Francoren diktadurarekin, euskara eta euskal kultura debekatuta eta zokoratuta bizi ziren Hegoaldeko herrialdeetan.

Hizkuntzaren egoera: Ia-ia desagertuta

Testuinguru hartan antolatu zuen Eusko Ikaskuntzak bere VII. kongresua, Biarritzen. Gaur egungo zuzendariak, Josemari Velez de Mendizabalek, azaldu bezala, elkartearen aktibitatea "ia-ia desagertu" zen diktadurarekin. "Erbesteko eta baliabide gutxiko testuinguru hartan, bilkura oso interesgarria egin zuten. Iparraldean bizi zirenez gain, Hegoaldetik ere pasa zuten muga -poliziari izkin eginez-, han egoteko. Oso interesgarria izan zen batzar hura", gogoeta egin du.

Kongresuan egindako proposamenen artean, Euskararen Eguna sortzea hobetsi zuten Eusko Ikaskun-tzako kideek. 1948ko iraila zen. Lehen ospakizuna, baina, ez zen hurrengo urtera arte antolatuko.

Mezu aktuala: Gogoeta egitea

Egun seinalaturako manifestu bat ere kaleratu zuten. Sinatzaileak Jean Saint-Pierre eta Louis Dassance izan ziren, Eusko Ikaskun-tzaren eta Euskaltzaleen Biltzarraren izenean, hurrenez hurren. Euskara "eri gaizki" zela nabarmentzeaz aparte, euskaldunak "hitzik erran gabe, axolarik gabe, arrangurarik gabe" zeudela zioten.

Hori dela eta, abenduaren 3an euskara erabiltzeko eta ospatzeko gonbitea luzatu zuen dokumentuak. "Ez bakarrik Eskual Herriko hiri, herri eta herrixketan, bainan ere, Eskual herritik kanpo, hurbil edo urrun, eskualdun multxoak aurkitzen diren bazter guztietan". Gainera, hizkuntza sustatzeko laguntza lortze aldera, diru-bilketak proposatu zituzten.

Eusko Ikaskuntzako zuzendari Velez de Mendizabalen ustez, "gaurkotasun handiko" testua da. "Mezu aktuala da. Erabilera aipatzeaz gain, euskararen egoerari buruzko hausnarketa eskatzen die euskaldunei. Hori gure elkartearen filosofiarekin bat dator erabat", azpimarratu du. Gainera, jaialdiak euskal hizkuntza "lehen lerroan" jartzeko aukera sortu zuela uste du.

Munduan zehar antolatutako ekitaldiek oihartzun nabaria izan zuten. Baiona, Buenos Aires, Paris, Caracas, NewYork... Nazioarteko puntu askotan, Hego Euskal Herrian salbu.

Abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna: Ba al zenekien….

…. Euskararen Eguna guztiz lotuta dagoela Xabierko Frantzisko deunarekin? 1552ko abenduaren 3an hil zen Frantzisko, eta kondairak dioenez, hil aurreko azken hitzak bere ama hizkuntzan izan ziren, hots, euskaraz.

…. 1949. urtean ezarri zuela Eusko Ikaskuntzak Euskararen Nazioarteko Eguna? 1995ean Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak bat eginik, Euskararen Nazioarteko Eguna instituzionalizatu egin zuten. Euskararen Nazioarteko Egunaren lehenengo edizioaren dokumentu batekin topo egin dugu Sarean.

.… Euskararen Egunak hainbat izen izan dituela? Lehendabiziko edizioan “Eskuararen Eguna” erabili zen eta ondorengo urteetan “Euzkararen eguna” edo “Euzkara Eguna” bezala ikusi izan dugu. Egun Euskararen Eguna edo Euskararen Nazioarteko Eguna erabiltzen dira.

…. Euskal Herrian ez ezik, munduko beste hainbat txokotan ere ospatzen dela Euskararen Nazioarteko Eguna? Jakin badakigu Mexikon, Bartzelonan, Washingtonen, Buenos Airesen eta Parisen ere euskara goraipatzen dela abenduaren 3an.

… 2006ko Euskararen Egunerako abestia egin zuela Benito Lertxundik? Hemen dituzue kantaren bi zati:

"Euskara giza ondarea da: komunikazio

eta batasunerako tresna.

Elkar ulertu eta giza helburu gorenera

heltzeko beharrezko baliabidea".

"Hizkuntza ispilu leiala da,

non kondairan zehar, herri baten

baldintza sozialak isladatzen diren".

….. 2008. edizioan Jokin Mitxelena marrazkilariak eta Ion Martin bertsolariak komiki bat sortu zutela Euskaren Egunaren harira?



  .  Beste ekimen batzuk:  HEMEN.  

 "Euskara hizkuntza bakarra eta berezia da, eta hori goraipatzea eta zaintzea, guri, euskaldunoi dagokigu".

. Eusko Jaurlaritzak eta Etxepare Institutuak prestatutako bideoa:
      'Surfeatu euskararen olatua mundu osoan'