Amaia 2016/10/19

Halloween jatorriz euskal festa bat da. Euskalduna bakarrik? Ez, noski, ia Europa osoarena, baina baita Euskal Herrikoa ere. Europako etorkinek eraman zuten Ameriketara, eta hemen ihartzen joan zen neurrian joan zen han sendotzen. Eta orain, Amerikarren festa dela pentsatuta hasi gara berriz ere ospatzen. Nortasun gutxikoak gara gero. 


Noski, hemen ez zaio inoiz Halloween deitu, Arimen eguna baizik. Toribio Etxebarriak idatzi zuen: “Animen egunian, oittura zarra zan Eibar-en, jan da eran tabernan eittia moskortu arte. Baita kaleko neska mutillak, alkarregaz, baserrixetan gastaña erriak jatia.” 

Mutrikun adinekoek gogoratzen omen dute gaztetan ortuetatik kalabazak lapurtu, hustu eta barruan kandelak jarrita kaleetan, atarietan jartzen zituztela. Badira urte batzuk Mutrikun Arimen egunaren ospakizuna berpiztu zutela: Gaba Beltza izendatu zuten, larunbat gauean finkatu eta izugarrizko indarra hartu du urte gutxitan. Marka da gero gure tradizioak Hollywood-i esker biziberritzea!

Neguko festen ezaugarri nagusietakoa etxez-etxeko (eta atez-ateko!) kuestazio erronda da (edo izan da). Gazte taldeek baserriz-baserri eta etxez-etxeko jira egiten dute, mozorrotuta (inauterietan) edo kantuan (Santa Eskean, Olentzerotan,...) eta jakiak, dirua edo goxokiak biltzen. 


Europa osoan ospatzen dira mota honetako neguko festak, eta Halloween horixe da funtsean. Eta eskatzeko hamaika formula desberdin erabiltzen dira, adibidez: "Aginaldo, aginaldo, urdaia bota ta ixilduko!" edo "emongo bozu emoizu, bestela ezetz esaizu, ate osteko haiziak hartzen amak ez gaitu bialdu!". Mutrikun, Gaba Beltzean, kalabazak atarietan jarri, eta esakera polita kantatzen zuten: "Xesteron kontra, animen alde...". Xestero Mutrikuko ehortzailearen izena omen zen. 

Nork esan du Halloween euskal ohitura zaharra ez denik? klik

Hainbat entzungai: ohitura zaharrak