Amaia 2018/01/15



1939ko apirilaren 6an jaioa, euskal kantagintza berriaren ikur eta abiapuntu izan zen Ez dok amairu proiektuaren ideologo eta sortzaileetako bat izan zen Artze 1960ko hamarkadan, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Jose Angel Irigaray, Xabier Lete eta Lourdes Iriondorekin batera. 

Baga biga higa sentikaria ikuskizunean hartu zuen parte eta urte gutxi batzuk geroago beste ikuskizun berritzailea ere sortu zuen Laboa eta bere anaia Jexuxekin batera: dantza, poesia eta musika uztartzen zituen Ikimilikiliklikek Euskal Herriko mugak gainditu eta Veneziako bienalean ere aurkeztu zuten.


Laboaren ahotsak zabaldu zituen, hain zuzen ere, Artzeren hitz ezagunenak, Txoria Txori, Ama hil zaigu eta Geure bazterrak.




Paperean beste hainbeste utzi zituen eta guztira hamar liburu argitaratu zituen, hitzen bidez transzendentziaren bila abiatu eta existentzialismoaren eta espiritualtasunaren inguruko bidaia proposatuta. Gizakiari buruz, naturari buruz, kontsumo gizarteari buruz, erlijioei buruz egin zuen gogoeta haren lanetan.


Poesia espaziala edo plastikoa egiten saiatu zen Artze, olerkiak bisualak egiten eta taula gainera eramaten, jendearengana heltzeko asmoz. Edukiarekin ez ezik, formarekin ere esperimentatzea zuen gustuko, batez ere lehen urte haietan, mugak gaindituz eta hizkun-tzarekin iraultza literarioak bultza-tzen: atzekoz aurrera idatzitako hitzak erabili zituen, onomatopeiak...
Iraultza hori, dena den, Ez dok amairu proiektuak berak bezala, hizkuntza zaharra eta euskal sustraiak eta tradizioa abiapuntutzat hartuta proposatu zuen: “Iturri zaharretik edaten dut, ur berria edaten, beti berri den ura, betiko iturri zaharretik”. Ikastolen elkarteak erabili zituen hitzok bere leman. 
Euskalgintzan eta euskararen normalizazioan ikur bihurtu den lema ere haren eskuek idatzi zuten: “Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik”.


Euskara aldarrikatzeaz gain, Euskal Herriko tradizioaren eta landa iraganaren beste ikur bat ere berreskuratu zuen: Jexux anaiarekin batera txalaparta taula gainera eraman zuen eta ikuskizun bihurtu. Musika modernoan erabiltzen hasi zen, gaur egun jarraipena duen bidea abiatuz. 1975. urtean Artze anaiek txalaparta oinarritzat hartuta disko bat kaleratu zuten, Milango estudio ba-tzuen eskutik.


1960 eta 1970 hamarraldietan euskal poesia eta kultura modernitatera eraman zuen eta bide berriak zabaldu zituen zutabeetako bat izan zen Joxean Artze, Xabier Lete eta Mikel Laboarekin batera, besteak beste. Ondoren, 1980. urtetik aurrera, beste fase bat antzeman daiteke bere lanetan: erlijiotasunera eta kristautasunera bueltan, ikuspuntua aldatuta, poesia lantzen eta berritzen jarraitu zuen, bizitzaren transzenden-tziaren bila beti ere.
Belaunaldi berriengana gerturatu zen azken urteotan eta bere hi-tzek doinu berriak jantzi zituzten. Nola belztu behar zuria ikuskizunean, esaterako, usurbildarraren poesiak oinarri zituen Bide Er-tzean eta Metrokoadroka kolektiboaren proposamenak 2016an.