Amaia 2018/11/29

                                            ALABARI
Resultado de imagen de a mi hija











Ez utzi inori zure gainetik egoten,
are gutxiago gizonezkoa bada.
Eutsi beti zure duintasunari.
Ez ahaztu lana izatea dela pertsona duin egiten duena.
Izan zure ogibidea inoren mende ez izateko.
Ez zaitez fida botereaz, erabiliko zaitu.
Zaude gutxi daukatenen alboan.
Izan inozoa, ametsik xaloenek aldatu dute mundua.
Dena den, kontuan izan ideiarik ederrenak ez duela zentzurik
pertsona bakar bat zapalduz gauzatzen bada.
Utzi bizitzen, bakoitzak bere usteak eta bizipenak ditu,
errespeta itzazu nahiz eta zure kontrakoak irudi.
Lagundu behar duenari, zabaldu etxea arrotzari,
inolako zalantzarik gabe.
Errespeta sinesgabeak eta sinestunak eta beraien fedea.
Zaindu zure hizkuntza.
Pentsa ez dela gurea soilik,
mundu osoaren altxorra baino.
Mundua egiten du eder euskarak.
Sekula ez sinets ez dagoela zer eginik,
ia beti dago aterabideren bat.
Eta ez balego, onar ezazu.
Galduz ere irabazten da.
Onartu bizitza eta halaber heriotza.
Heriotzaz jabetzea baita dugun egitekorik zailena.
Plazer eta zoriontasunari sekula ez ateak itxi.
Maita beti pertsona, generoa kontuan izan gabe.
Azala beti hazten baita eder, gizon ala emakume izan.
Bete zure apetak, baita horretan ere.
Hori bai, nahi ez baduzu, esazu ezetz.
Injustiziari esan ezetz,
eskubideen zapalketari,
bazterketari ezetz.
Gura eta ahal baduzu, izan ama,
umeek erakutsiko dizute umila izaten.
Eta ez bazenu, bizi bizitza bere osotasunean.
Maita oihanak eta maita hiriak.
Egon zabalik kitzika guztiei, ez izan aurreiritzirik.
Beldur bazara, onartu beldurra.
Triste bazaude, egon triste.
Ez dugu zertan une oro zoriontsu eta ausart izan behar.
Entzun ondoan duzunari eta jakintsua izango zara.
Entzun gazteei, entzun adinekoei.
Zaren bezala agertu.
Esan pentsatzen duzuna, nahiz eta hurkoa mindu.
Ikasi akatsetatik.
Ez izan beldur gauzak oker egiteko.
Dena ondo egiten duena harroa eta itsua baita.
Bilatu egunen joanaren edertasuna. Sakonki bizi, baina ez azkar.
Jakin denbora geratzen, gauzarik txikerrenetan arreta jartzen.
Egin zure bidea, zu zara erdigunea.
Saia ametsak betetzen eta ez utzi inori amets horiek zapuzten.
Eta azkenik, ez egin kasu aholkuei.
Ezta neureei ere.


Bideoa ikusteko: 
https://es-es.facebook.com/KirmenUribe/videos/alabari-poema-irakurriz-gure-kasa-saioan/1795463293809698/