Amaia 2011/01/19

"Linguae Vasconum Primitiae" Eusko Legebiltzarrean izango da ikusgai.

Otsailaren 1etik aurrera, "Lingua Vasconum Primitiae" ikusgai izango dugu Eusko Legebiltzarrean. Beñat Etxeparek idatzi zuen lana 1545ean, eta euskaraz inprimatutako lehen liburua dugu.
'Linguae Vasconum Primitiae' liburua Gasteizera ekarriko dute Axularren, Oihenarten eta Leizarragaren liburuekin osatuko dute Eusko Legebiltzarrean izango den erakusketa.
Euskaraz inprimatutako lehen liburua, Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae, Gasteizen jarriko dute. Euskara jalgi hadi plazara izenburupean, erakusketa bat zabalduko dute Eusko Legebiltzarrean, otsailaren 1ean, eta bertan erakutsiko dituzten lanen artean garrantzitsuena Etxepareren liburua dela azaldu du Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkari eta erakusketaren komisarioak. Euskarari buruzko XVI. eta XVII. mendeko liburuek osatuko dute erakusketa.

Linguae Vasconum Primitiae Bordelen inprimatu zen, 1545ean. Apaiz eta idazle baxenabartarrak erlijioari eta maitasunari lotutako gaiak tartekatu zituen liburuko hamabost bertso sortatan; horietako batzuk, lizun samarrak, Kintanaren ustez. Ikusgai jarriko dutena geratzen den ale bakarra da, bakarra baita onik atera zena erlijiosoek idatzitako eta antzerako edukietako lanak suntsitzeko Eliza katolikoaren agindutik.
Egun Parisko Liburutegian gordetzen dute, baina liburutegi horrek sarean ere jarri du lana, Gallica.bnf.fr helbidean.

Etxeparerena salbu, Legebiltzarreko funtsetako liburuak dira gainerako guztiak. Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidentearen hitzetan, «euskal kulturari eta historiari, eta bereziki euskarari lotutako libururik esanguratsuenak» aukeratu dituzte erakusketarako. Horien artean daude, besteak beste, Axularren, Joanes Leizarragaren eta Arnaut Oihenarten hainbat lan.

Erakusketa martxoaren 31ra bitarte egongo da zabalik, astegunetan, 09:00etatik 19:00etara.

Eusko Legebiltzarra Gasteizen dago.

"Contrapas"
Heuscara ialgui adi campora
Garacico herria

Benedica dadila
Heuscarari eman dio
Behar duyen thornuya.
Heuscara
Ialgui adi plaçara
Berce gendec vste çuten
Ecin scriba çayteyen
Oray dute phorogatu
Enganatu cirela.
Heuscara Ialgui adi mundura
Lengoagetan ohi inçan

Estimatze gutitan
Oray aldiz hic behar duc
Ohoria orotan.
Heuscara

Habil mundu gucira
Berceac oroc içan dira

Bere goihen gradora
Oray hura iganen da
Berce ororen gaynera.
Heuscara
Bascoac oroc preciatzen

Heuscara ez iaquin harren
Oroc iccassiren dute
Oray cer den heuscara.
Heuscara
Oraydano egon bahiz

 Imprimitu bagueric
Hi engoitic ebiliren
Mundu gucietaric.
Heuscara
Eceyn ere lengoageric

Ez francesa ez berceric
 Oray ezta erideyten
Heuscararen pareric.
Heuscara

Ialgi adi dançara.

Linguae Vasconum Primitiae liburua irakurtzeko: HEMEN.