Amaia 2011/02/22


Lan monografikoa azalpen-testu luzea da, gai jakin bati buruz ditugun ezagutzak erakustea helburu duena. Lan monografikoak orotariko gaiei buruzkoak izan daitezke: garai batean jazotako gertaera nagusiei buruzkoak, lurralde bateko landarediari buruzkoak nahiz idazle ospetsu bati buruzkoak, esaterako.

Lan monografikoa nola egin:

1 - DOKUMENTATZEA - Lanaren gaia aukeratu ostean, gai horri buruzko dokumentazioa bilatzea da lehen egitekoa. Informazio bila, iturri hauetara joko dugu:
. Zuzeneko iturriak: hala nola, museoetara joatea, hitzaldiak, pertsonei egindako elkarrizketak...
. Zeharkako iturriak: entziklopediak, liburuak, aldizkariak, web-orriak...

2 - BILDU DUGUN INFORMAZIOA AZTERTZEA ETA HAUTATZEA - Interesgarria iruditzen zaigun informazioa hautatu.

3 - LANAREN ESKEMA EDO GIDOIA EGITEA - Orain nola antolatuko dugun informazio hori pentsatu behar dugu. Oso lagungarria izango zaigu eskema edo gidoi bat egitea, informazioa ordenatu, hierarkizatu eta lanaren mamia zer-nolako ataletan emango dugun erabakitzen hasteko.

Lan monofrafikoek honelako EGITURA izan ohi dute, oro har:
- Sarrera: Zati honetan, lanaren helburua zein den, lana egiteko zein metodo erabili den
eta informazioa nola antolaturik dagoen agertzen da.
- Mamia:Lanaren edukien azalpen ordenatuak hartzen du zati hau. Normalean, informazio
kapitulutan edo ataletan banatu ohi da.
- Ondorioa: Egileak azaldutako ideien laburpena eman ez ezik, lorturiko emaitzak ere azaltzen ditu.

4 - LANA IDAZTEA - Idazketa-lanei ekiterakoan, komeni da hiztegi ulergarria erabiltzea, irakurri ahal eragozpenik gabe ondo ulertzen dena. Era berean, oso garrantzitsua da informazioa modu egokian ordenatzea, hots, sarrerarekin hastea, ondoren mamia ematea eta, azkenik, ondorioak aurkeztea.
Lana zuzentzeko orduan, bi gauza hartu behar dira kontuan: alde batetik, edukia bera, eta bestetik, hizkuntza-zuzentasuna. Edukia ebaluatzean, ideaiak ordena egokian eta garbi azalduta ote dauden aztertu behar da eta zerbait falta den ala, aitzitik, soberan dagoen erabaki. Hizkuntza-zuzentasuna ebaluatzean, berriz, puntuazioa, ortografia eta egitura sintaktikoak aztertu eta zuzenak diren egiaztatu behar da.

5 - LANA EDITATZEA - Edizio-lanak bi eginkizun nagusi hartzen ditu: batetik, atal bereziak ezartzea eta, bestetik, lanaren azken itxuraz, hots, aurkezpenaz, arduratzea.
Atal bereziei dagokienez, hauek nabarmendu behar dira:
. Azala: erakargarria izan behar. Gogora dezagun, lanaren egilea, ikasgunea, irakasgaiaren izena, irakaslea eta data jarri behar ditugula
. Aurkibidea: Normalean hasieran agertzen da eta sarrerako, mamiko eta ondorio-gaiak zein
orrialdetan eta nola landu diren argitzeko jartzen da.
. Bibliografia: Bukaeran jartzen da eta lana egiteko erabili diren informazio-iturrien berri
ematen da: liburuak, web-orriak... eta ahal bada egilea, titulua, hiria, argitaratzailea, urtea eta orrialdeak jarri ohi dira ordenamendu horretan.

Informazio gehiago: Azalpen testuak idazteko estrategiak.

Adibideak: (DBHko 4. mailan egindakoak -2009-10)