Amaia 2013/09/13

  


"Egunero hasten delako"
Ramon Saizarbitoria
Erein, 2007

Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako opera prima 1969an argitaratu zen lehendabizikoz. Urte berean Xabier Gereñuk "liburu hau ez da behin bakarrik irakurri behar" aldarrikatu zuen kritika batean, eta harrezkero, hainbat berrargitalpen egin dira. Nobela idatzi zenetik ia 40 urtera, guztiz eskertzekoa da Erein argitaletxeak poltsikoko edizio berrian kaleratzea.
Berrargitalpen honen berritasun nagusia, ordea, zera da, Saizarbitoriak berak eleberri honen berridazketa eta berrirakurketa eskaintzen dituela. Idazleak, Gereñuren hitzak aintzat hartu izan balitu bezala, nobela bigarren aldiz irakurri eta bigarren aldiz idatzi duela esan daiteke. Klasiko hitzak sor dezakeen atzerakada eta bazterkeria gaindituz, jatorrizko bertsioa mantendu eta nobela eraberritu bat aurkezten zaigu oraingoan.
Hitzaurrean Saizarbitoriak erabiltzen duen hitza hona ekarriz, birmoldaketa baten aurrean gaude. Birmoldaketa hau egiteko arrazoi nagusien artean, "nobela han eta hemen sarriegi kaltetzen zuten desegokitasun narratiboez libratzea" izan dela aitortzen du idazleak, bestelako xehetasun aipagarrien artean; hala nola, lehen bertsioan agertzen zen forzeps-aren akats teknikoa zuzendu beharraren obsesioaren pisu astuna.
Kronika kutsuko hitzaurre honetan, Saizarbitoriak Egunero hasten delako-ren lehen argitalpenaren inguruko hainbat kontu interesgarri ere aipatzen ditu: argia ikusteko eskuizkribuek jarraitu zuten bidea, edizio ezberdinetako azaletan beti irudi berbera agertzearen inguruko anekdota, hiztegi kontuak... Baina bereziki, birmoldaketaren inguruko gogoetak bildu ditu. 
Aldaketa hauek irakurketan eragina duten ala ez, hori norberaren esku. 

Liburuaren egitura eta mamiari dagokionez ere bada zeresana. Egituran bi plano narratibo gurutzatzen dira: ezagutzen ez dugun berritsu amorratuaren kontakizuna eta abortatzea erabaki duen Gisele gaztearen istorioa. Duela berrogei urte euskaraz apurtzailea izan zen teknika honetara ohituta gaude egun, baina harrigarria da berritasun honen lehen lekukoa izan zenak teknikoki hain ongi funtzionatzea gaur egun ere.

Gaiari dagokionez, hona berriro idazlearen hitzak: "Bertan darabiltzadan edo nerabiltzan gaiak, immigrazioa, hezkuntza, sexua, abortua bera, pil-pilean daude oraindik".
Arlo honetan ere, urteak alferrik igaro direla ematen du eta tabuek tabu izaten jarraitzen dutela agerikoa da, gure egungo gizarte solidarioan abortatzen duten emakumeek duten oihartzun eta babes eza aipatzea besterik ez dago.  
Berritasunik galdu ez duen liburu eraberritua, egunero hasten delako...                                                                                                       
                                                                                                    Berria, 2007-07-22 (moldatua)




 . Ramon Saizarbitoriaren BIOGRAFIA eta LANAK.
 . Gehiago: hemen.