Amaia 2013/12/02


Euskara zaharrean “-ra-” artizkiaz baliatzen ziren aditz arazleak sortzeko. Horrela ekarri aditzetik, esate baterako, eRAkarri ateratzen zen (ikasi-irakatsi, eman-eraman, igarri- iragarri...). 
Gaur egungo euskaran, aditz arazleak sortzeko bi bide ditugu: 
1- Aditz gehienek "arazi" hartzen dute forma arazleak sortzeko. 
2- Izena + egin erako aditz konposatuak, ordea, "eragin" aditzaz baliatzen dira forma arazleak osatzeko.

-ARAZI
. Aditz baten forma arazlea sortzeko, nahikoa da aditzoinari "arazi" aditza eranstea. Honela lortutako adizkia aspektu-markak har ditzake, beste edozein aditzek bezala.
Emaitza loturik idazten da.
Adibidez: etorri: etorrarazi
                 etortzen: etorrarazten
                 etorriko: etorraraziko

Harrarazi, erorarazi, iraunarazi, hilarazi, betearazi, galarazi, geldiarazi, ezagutarazi, nabarmenarazi, ihardetsarazi, inarrosarazi.

. Zenbait aditzen aldaera t-dunak, hots, sortarazi, agertarazi eta kidekoak, sorrarazi, agerrarazi eta kidekoak bezain zilegizkotzat hartzen dira.

. Arazi-ren aurreko aditza a bokalaz amaitzen baldin bada, a biekin bat egingo da: aldarazi, benedikarazi, jokarazi, koordinarazi, obligarazi, sozializarazi.
 
. Bestalde, aditz arazlearen laguntzailea ere aldatu egiten da. Halatan, nor motako adizkiak nor-nork bihurtzen dira; nor-nork motako adizkiak, ordea, nor-nori-nork.
Bestela esanda, adizkian beste pertsona marka bat sartzen dugu. Hona hemen eskema bat:
Nor: etorri DA; nor-NORK: etorrarazi dut
Nor-nork: ekarri DU; nor-NORI-nork: ekarrarazi DIOT.
Adibideak:
                       Bi orduz itxaronarazi digute.
                       Haraino joanarazi naute
                       Ez dakit zertarako etorrarazi nauten
                       Txarto zeuden ariketak errepikarazi dizkiot
                       Joango naizela esanarazi dit
Beraz,

. Arazi-ren subjektua beti ergatiboan doa: Koldok etorrarazi du Mikel.
. Oin aditzaren objektua beti absolutiboan: Sagarrak salarazi ditugu.
. Oin aditza iragankorra denean, subjektua datiboan darama: Niri liburua irakurrarazi zidaten.
. Oin aditzaren subjektua absolutiboan doanean, absolutiboan ageri da perpaus kausatiboan ere:

                                  Mikel jarrarazi dute.
. Oin aditzaren subjektua ergatiboa baldin bada eta agerian objekturik ez badu, bi egoera bereizi behar dira:
a) Objektua ezabatua edo aditzari atxikia duten aditzekin datiboa eskatzen du subjektuak:

                                 Mikeli janarazi diote; Mikeli irri eginarazi diote.
b) Sekula objekturik hartzen ez duten aditz deponenteekin, aditzaren izaera semantikoa kontuan hartu behar da. Aditzak subjektu biziduna eskatzen duenean, datiboan ageri da (Inori ez diogu pairarazi behar), baina subjektua bizigabea bada, absolutiboa (Ura irakinarazi dute).


Ariketak: 
 
1 - Jar itzazu hurrengo adizkiak zein bere lekuan: ulertarazi, jaitsiarazi,ordainarazi,sinestarazi,, errearazten, etorrarazi, emanarazi, igoarazi, janarazi.
 
. Automobila txarto aparkatzeagatik isun galanta ___________ zioten.
. Larunbat goiza izan arren, lantokira _____________ gintuzten.
. Zuria beltz dela _____________ nahi ote didazu?
. Garaile irten zen korrikalariari estadioari beste itzuli bi ______________ zizkion     
  publikoak.
. Txikitan jatun txarra zen eta hainbat gauza ________ behar izan zioten.
. Ostera ere hamabosgarren pisuraino _____________ zidan.
. Salmenta multzo handiak Bilboko burtsa ikaragarri ____________ du.
. Zelan azal diezaiokegu berriz ere, problema ______________ nahi badiogu?
. Tabakorria erretzen dabilenak nolabait ingurukoei _____________ omen die.

2 - Lotu alboko aditz arazleak euren definizioarekin:
itzularaztea, pentsaraztea, ordainaraztea, itzalaraztea, adieraztea, sarraraztea,
janaraztea, erostarazte.

. Zerbait aditzera ematea
. Norabait sartzera behartzea
. Zerbait atzera eman eragitea
. Zer pentsatua ematea
. Gauzaren bat erostera behartzea
. Argiak amatatu eragitea
. Nahi ez dela zeozer jatea
. Gogoz bestera ordaintzea

3 - Ondorengo esaldiak itzuli:

1. Jon me hizo organizar la cena
2. Como hacía mal tiempo, me hizo volver a casa.
3. Te voy a hacer oír esta canción aunque no quieras.
4. Mi madre nos hace limpiar la cocina después de comer.
5. Siempre me hacen perder el autobús.
6. Nos han hecho saber que no habrá clase.
7. Le hice comer todo.
8. Esto me recuerda que tengo que comprar el pan.
9. Me has hecho parar el coche.
10. Te harán decir lo que quieran.
11. No me hagas hablar...
12. De niños nos hacían callar a golpes.
13. En casa te obligan a comer carne.
14. Ese jugador nos va a hacer ganar.
 
4 - Aukeratu dagokiona:
 
1. Zein da zuzena euskara batuan?
    a) Emanarazi b) Eman arazi c) Eman erazi d) Emanerazi
 
2. Zein da OKERRA euskara batuan?
    a) Sorrarazi b) Agerrarazi c) Adierazi d) Erostarazi
 
3. Gurasoek etxean gerarazi...
    a) ziguten b) gintuzten c) digute d) zaizkigu
 
4. Zein da zuzena?
    a) Gurasoak eskolara joanarazi zizueten.
    b) Gurasoek eskolara joanarazi zizueten.
    c) Gurasoek eskolara joanarazi zenituzten.
    d) Gurasoek eskolara joanarazi zintuzteten.
 
5. 08:30ean ________________________________ seme-alabak.
    a) jaikiarazten / ditugu
    b) jaikarazten / gaituzte
    c)jaikiaratzen / genituen
    d) jaikiaratzen / gintuzten

1.-a 2.- d 3.-b 4.-d 5.-a

Beste ariketa batzuk: 1  / 2 / 3