Testu bateko perpausen artean dauden esangura aldetiko loturak (semantikoak) adierazteko, lokailuez baliatzen gara.
Lokailuen ezaugarriak:
- Testu mailako loturak gauzatzen dituzte.
- Hitz solteak dira (ez atzizkiak).
- Metatu egin daitezke, hau da, perpaus berean lokailu bat baino gehiago ager daiteke (juntagailuak ez).
- Mugikorrak dira (juntagailuak baino mugikorragoak).
- Adberbio-izaera dute.
Lokailuak bost multzotan sailka ditzakegu:
. Emendiozkoak: aurretik esandakoari zerbait gehitu edo gaineratzeko, adibidez: bestalde, halaber, orobat, berebat, behintzat, segurik, behinik behin, bederen, bederik.
. Hautakariak: testuan adierazitako gauza edo ideien artean hautatzeko, adibidez: bestela, osterantzean, gainerakoan, gainontzean, ezpabere.
. Aurkaritzakoak: aurretik esandakoari aurkaritza adierazteko, adibidez: ordea, berriz, ostera, aldiz, aitzitik, bitartean, artean, alta, alabaina, dena dela, hala ere.
. Ondoriozkoak: testuan zehar esandakoaren ondorio gisako zerbait adierazteko, adibidez: beraz, bada, hortaz, orduan, honenbestez, horrenbestez, halatan.
. Kausazkoak: testu mailako kausazko loturak adierazteko, adibidez: izan ere, zeren, ze.
1 - Emendiozko lokailuak: emendatzeko edo gehitzeko erabiltzen dira.
- Ere: osagai bati egiten dio erreferentzia; honenbestez, ez da autonomoa eta ezin da bera bakarrik joan. Betiere aipatutako perpausaren elementu horren atzean eta ondo-ondoan kokatzen da.
- Gainera: aurretik esandako zerbait azpimarratzeko. Normalean, mendeko perpausaren hasieran doa.
- Bestalde: esandakoa indartzeko, perpausaren edozein lekutan koka daiteke.
- Halaber, orobat, berebat: aurretik esandakoari zerbait gehitzeko, perpausaren edozein lekutan doalarik.
- Behintzat, bederen, behinik behin: aurretik esandakoari zalantza kutsua eransteko. Ez dira neutroak; hiztunaren ustea adierazten dute.
Erraztasun handia dauka; BESTALDE, ordu asko sartu ditu.
Zuzendaria ados dago; Mikel eta Maite, HALABER, aldekoak dira.
Aurtengo konbenioan soldatak %6 igo dira; OROBAT, lan-orduak murriztu egin dira.
Merkeena zelako aukeratu genuen; BEREBAT, esan behar da kalitate handikoa dela.
Ni etorri naizenean, BEHINTZAT, lotan zegoen.
Anek eta Andonik, SEGURIK, bazekiten.
Besteak ez dakit; baina hau, BEHINIK BEHIN, apurtuta dago.
Utz iezadazu azaltzen, laburki BEDEREN (bada ere).
Informazio gehiago: klik.
2 - Lokailu hautakariak: Lokailu hautakariak gauza edo ideien arteko hautaketa adierazteko erabiltzen dira.
Beraz, edo eta ala juntagailuen baliokideak dira, adibidez:
Ez edan gehiago edo mozkortuko zara.
Ez edan gehiago; bestela mozkortuko zara.
- Bestela, osterantzean: bi erabilera nagusi ditu, baldintza eta murriztapena, "hori alde batera utzita" esapidearen antzeko esanahia duela. Esaiozu egia; bestela, haserratuko da.
- Gainerakoan: balio murriztailea edo baldintzakoa. Jan agudo, gainerakoan ohera eramango zaitut.
- Ezpabere, ezperen: baldintza balioa du, eta beti perpausaren hasieran agertuko da. Zehaztapen bat egingo dugu, ezpabere, askok pentsa dezakete salbuespen bat dela.
Ahal baduzu, ondo; OSTERANTZEAN (BESTELA), neuk egingo dut.
Etxe zaharra da; baina, GAINERAKOAN, oso ondo dago.
Oso zurruna da; hala ere, GAINONTZEAN, oso irakasle ona da.
Txarto esaten badut, zuzendu; EZPABERE, ez dut sekula ikasiko.
3 - Aurkaritzako lokailuak: aldez aurretik esandako zerbaitekiko aurkaritza adierazteko erabiltzen dira.
Beraz, baina juntagailuaren antzekoak dira, adibidez:
Ez dut inoiz ikusi, baina berehala ezagutuko nuke.
Ez dut inoiz ikusi; hala ere, berehala ezagutuko nuke.
- Ordea, ostera, aldiz, berriz: antzekoak dira, eta oro har, perpausa hasieran, tartean, zein bukaeran ager daitezke. Ordeak, berriz, lekua murriztuagoa dauka.
- Aitzitik: lehenengo perpausa ezezkoa denean; bigarren perpausaren hasieran agertuko da.
- Hala ere: bigarren perpausaren hasieran kokatuko dugu. Eta eta baina juntagailuekin batera maiz agertzen da.
- Alabaina: bi adiera har ditzake: aurkaritza eta azalpena.
- Dena dela: nolanahi ere esapidearen baliokidea da eta normalean bi perpausen artean jartzen da.
- Haatik, horratik: bi erabilera ditu, alegia, aurkaritzako lokailu gisa ager daiteke edo harridura perpausetan.
Atzizkiak atzean jartzen dira; aurrizkiak, BERRIZ, aurrean.
Hori merkeagoa da; beste hau, OSTERA, hobeto eginda dago.
Lehen oso txarra zen; orain, ALDIZ, onenetarikoa.
EZ daude zure kontra; AITZITIK, zu lagundu nahian dabiltza.
Denak saiatzen ziren bera laguntzen; eta bera, BITARTEAN gaizki esaka.
Aspaldian zegoen hila; ALTA, ez ziren konturatu atzo arte.
Ez zuen inor ezagutzen; ALABAINA, ez da beldurtu.
Niri ere ez zait askorik gustatzen; DENA DELA, eginda dago.
Ez dut uste ezer dakienik; HALA ERE, galdetu egingo diot.
4 - Ondoriozko lokailuak: ondorio kutsua dute.
Alegia, jarraian esango dena aurretik esandakoaren ondorioa dela adierazteko erabiltzen dira. Hau dela eta, ilatiboak edo kontsekutiboak esan ohi zaie.
- Beraz: dedukzioa egiteko erabiltzen da eta, oro har, bi perpausen artean agertzen da.
- Bada: hiru balio dauzka: ondorioa (= beraz), kausa (= zeren) eta hitz indargarri gisa.
- Hortaz: berazen baliokidea da.
- Orduan: baldintza kutsua du.
- Honenbestez, horrenbestez, hainbestez: erakusleetatik eratorriak dira, eta berazen balio bera dute.
- Halatan, hala: beraz lokailuaren baliokidea.
Zu ez zinen egon; BADA, isilik egon.
Goizean ikusi dut; HORTAZ, ez dago atzerrian.
Ez nekien zer egin; ORDUAN, hona etortzea bururatu zitzaidan.
Denbora agortu egin zaigu; HONENBESTEZ, amaiera eman beharko diogu.
Gau osoa igaro zuen kalean; HORRENBESTEZ, hoztu egin zen.
Gazte-gaztetatik izan zuen zaletasuna; HALATAN, segituan espezializatu zen.
5 - Kausazko lokailuak: kausa kutsua gaineratzen dute. Nolabait, jarraian esaten dena aurretik esandakoaren zergatia edo azalpena dela adierazten dute.
- Izan ere: perpausaren hasieran ipintzen da, eta beste partikula batzuekin ere ager daiteke.
- Zeren: perpausaren hasieran agertzen da, eta "eta" izaten du, indargarri gisa.
- Alabaina: posizio guztietan ager daiteke.
- Bada: zeren lokailuaren parekoa da.
Bota egin dut; IZAN ERE, oso zahartuta zegoen.
Kontuz ibili; IZAN ERE, oso labainkor dago.
Egia da; IZAN ERE, nik neuk ikusi dut.
LOKAILUAK LANTZEKO: HEMEN
eta hemen.