Amaia 2017/09/18

Lore Jokoak oso garrantzitsuak izan ziren XIX. mendeko euskal kulturarentzat, hura berpizten lagundu zutelako.
XIX. mendean, Europan, herri-kulturari buruzko interesa hedatu zen. Herriak sortutako kultura-adierazpenak aztergai eta estimagarri bihurtu ziren garaiko jende ilustratuarentzat. Euskal Herrian ere piztu zen jakinmin hura. Horren ondorioz, 1853an, lehen euskal literatura-lehiaketa antolatu zen Lapurdin. Lore jokoak izena hartu zuten, Frantziako Tolosako ohitura zahar bati jarraituz.

Lehen Lore Jokoen jatorria Frantziako Tolosan dago. 1324. urtean lehen Lore Jokoak egin zituzten hiri hartan, olerkariak goratzeko. Olerkirik onenari urrezko bioleta bat ematen zitzaion. Horregatik deitu zitzaien Lore Jokoak. Gaur egungo kiroletako domina-emateak ohitura hartan du jatorria.

Lore Jokoak urtean behin egiten ziren eta gaiak aurretiaz zehaztuta zeuden. Irabazleek jendaurrean kantatzen zituzten olerkiak.
Lore Jokoak jai giroan ospatzen ziren eta egun oso bat irauten zuten; pilota partidak, dantzak, musika eta ganadu-feriak ere izan ohi ziren.

Lehenengo Lore Jokoak Lapurdiko Urruñan egin ziren, 1853an. Anton Abadia izan zen sustatzaile nagusia.
Euskal kulturarekiko atxikimendu handia zuenez, hura bultzatzeko asmoz, lehen Lore Jokoak antolatu zituen Abadiak.

Anton abbadia.png

Lehenengo edizioko gaia euskaldunen emigrazioa izan zen. Urte haietan, gazte askok Amerikara jotzen zuten lan bila.

Martin Egiategik 1853ko Lore Jokoetarako egindako olerki zati honetan, Amerikara joateagatik barnean zuen tristuraz arida, eta nola sentitzen duen faltan gurasoen babesa:


Lur batetarik salto, 
ta bertzera kurri,
hemen gabiltza suelto
nigar-egingarri!
Hain ongi nintakena
nere sorterrian,
zer jan-edan nukena
aita-amen aldian!

Karmelo Etxegarai:
 Urruti nere menditik
joan nintzen dirutu nahirik.
Urrutietan laster bihotza
nahigabez erdibiturik,
gelditu nintzen tristerik,
bake santua galdurik.


Felipe Arrese Beitiaren "Ama Euskeriari azken agurrak" (1879) olerkiko pasartea: (Euskara hiltzeak kezkatzen du idazlea).
Neure bihotzeko Amatxo zaharra,
antzinako Ama Euskara,
seme leial bat orain datortzu
azken agurra emotera.
Hainbeste gerra goitu ezinda
den hori, atsotu zara.
Zaurien zauriz galdu-galduta
Amatxo zoaz hiltzera!

Jean Baptiste Elizanbururen "Apexa eta Lorea" olerkia:

Neguaz primadera zenean jabetu,
sasi baten hegian apexa zen sortu.
Leku berean baitzen lorea gertatu,
gaixoek elkar zuten bihotzez maitatu!

Eguzkiak ihintza pizten duenean,
Apexa doa beti hegalez airean.
Nahi luke loreak segitu bidean,
zurtoinak zertako du gelditzen lurrean?

                            (Eragin-Santillana)

Informazio gehiago:
  - Auñamendi Eusko Entziklopedia
   -  Susa-literatura