Amaia 2012/10/06

Juan Diaz de Garaio 'Sacamantecas' XIX. mendeko hiltzailea izan zen. Nobela historikoa egin du Legazpiko idazleak, hiltzaile hari buruz dagoen dokumentazio ugaria erabilita.


 
Aitor Aranak 'Sacamantecas nuen aita' plazaratu du, XIX. mendeko hiltzaile bati buruzko eleberria: Juan Diaz de Garaio. 'Sacamantecas' goitizena ipini zioten, baina berez ez zegokion. Nolanahi ere, hiltzaile handi bat izan zen: sei emakume bortxatu eta erail zituen Gasteiz inguruan 1870 eta 1879 urte bitartean.

Aita garrotez hil eta hainbat urtera, Santa Klara komentuan moja den Diaz de Garaioren alabak eskuratuko dituen egunkari txataletatik abiatuta, Aitor Aranak 'Sacamantecas'-en historia berreraikiko du.
«Juan Díaz de Garaiok bi seme eta alaba bat izan zituen. Seme horietako bat Kubara joan zen, bestea eskale ibili zen, batera eta bestera. Alaba gelditzen zen, eta pentsatu nuen: hau izango da nire pertsonaia. Emakume hori moja bihurtzen dut, idazten jakingo zuen emakume bat behar nuelako. Baina moja izate hori ez da egia», esan zuen idazleak atzoko aurkezpenean, Donostiako Kaxilda liburu--denda berrian         
                                          egindako ekitaldian.

Esan liteke Juan Diaz de Garaio Euskal Herriko 'Jack Tripa-atera-tzailea' izan zela, atzo Aitor Aranak esandako moduan. Hala ere, gizon hori ez zen 'sacamantecasa' izan. Jakina denez, XIX. mendean izan zen jenderik haurrak hiltzen zituena, gero barruko gantzak atera-tzeko, uste baitzuten koipe horrekin gaixotasun batzuk senda zitezkeela, besteak beste tuberkulosia. Izaten zen aberatsik gantz hori erosten zuena. «Egiazko 'sacamantecas' bat harrapatu zuten Gasteizen eta, gero, Juani pasatu zioten goitizena», esan zuen Aranak.

Juan Diaz de Garaioren hilketen motibazioa sexua izaten zen. «Garbi esanda, larrutan egiteko gogoa zeukanean bideetara ateratzen zen, jeneralean Gasteiz ondoko bideetara, eta proposamena egiten zien topatzen zituen emakumeei. Garai hartako alargun batzuek, dirurik ez eta sexua izaten zuten ogibide, 'bideetako mari' esaten zi-tzaielarik. Eman beharreko diru-kopurua zela-eta istiluak izan zituen batzuetan Juanek. Beste batzuetan, haserretu egiten zen emakumeek sexua ukatu egiten ziotelako», esan zuen Aranak atzokoan.
Nolatan harrapatu zuten? «Konfiantza hartuta zebilelako», erantzun zuen Aranak.
Aitor Arana Luzuriaga (Legazpi, 1963) idazle eta itzultzaile profesionala da. Hamazazpi urte zituela hasi zen idazten eta ordudanik ia 200 liburu sortu eta itzuli ditu. Idazle eta itzultzailea da lanbidez, eta zaletasunez hiztegigilea eta poliglota. Euskaraz, gaztelaniaz, esperantoz eta kaloeraz itzultzen ditu. Narrazioak, berriz, haur, gazte eta helduentzat egin izan ditu. Jaso dituen saririk garrantzitsuenak Liburu Gaztea Saria ('Amodioaren gazi-gozoak' lanarekin) eta Kutxa Eleberri Saria ('Oscar eta Sebastian' lanarekin) dira. Haranaga Liburuak argitaletxearen zuzendaria ere bada.
                                                                                                              Diariovasco.com