Amaia 2014/05/06

Curriculum Vitaea, enplegu bat lortzeko gure “bisita-txartela” da. Hortaz, dokumentu labur batean, nor zaren eta zer lanbide-ibilbide egin duzun adierazten ahalegindu behar duzu.
 
Aurkezpen-gutuna, Curriculum Vitaearekin batera doan dokumentua da, norberak bere burua aurkeztekoa. Agurretik interesa piztu behar duzu zure hautagaitza jaso behar duen pertsonarengan, zure curriculumaren ezaugarri pertsonal edo profesional nagusiak nabarmenduz eta enpresak eskatutako profilarekin bat etorriz. Testu laburra eta zuzena behar du aurkezpen-gutunak, idatzi duenak ideiak garbi dauzkala adierazten duena eta enplegu-emailea zure curriculuma irakurtzera eta jarraian zu ezagutzera bultzatzeko gauza.

NOLA EGIN:

Aurkezpen-gutuna
Curriculumari sarrera egiten dion gutuna da, eta enpresari eskatzailearen lehen inpresioa ematen dio. Horregatik, komenigarria da arreta handiz prestatzea gutun hori. Eta ez ezazu ahaztu beti joan behar dela curriculumarekin batera.

Aurkezpen-gutunak, gehienez, orrialde bateko luzera eduki behar du, hau da, hiru edo lau paragrafo. Bertan, gutunaren arrazoia azaldu behar duzu, eta era berean, zure curriculumaren puntu sendoenak nabarmendu behar dituzu, lan horretarako pertsona egokiena zarela azpimarratu, elkarrizketa bat eskatu eta, jakina, errespetuz agurtu.

Komenigarria da eskaria egin diozun enpresa horren jarduera ondo ezagutzen duzula erakustea. Goratu ezazu bere lana, larregi exageratu gabe. Gogoratu ez duzula gezurrik esan behar zure gaitasunak azpimarratzerakoan. Hala ere, zure arlo ahulak direnak ezkutatu ditzakezu.

Ezaugarriak:
. Idazpuruan lanpostuaren erreferentzia adierazi behar da.
. Aipatu iragarkia zein egun eta komunikabidetan irakurri duzun.
. Azpimarratu eskatutako lanpostuaren profilerako egokiak diren ezaugarriak.
. Azpimarratu gutunaren helburua hautaketa prozesuan parte hartzea dela.
. Enpresari harremanetan jartzeko modu bat eman.

Aholku batzuk:     
. Margenak eta paragrafoen arteko banaketa zaindu.
. Esaldi laburrak idatzi.
. Adierazpen negatiboak saihestu.
. Kontuz ibili ortografiarekin.
. Bidali itzazu beti originalak sinatuta eta kopia bat gorde ezazu.

                  . Lan eskaintza bati erantzuteko gutuna: klik.
                  . Norbere burua hautagai gisa aurkezteko gutuna: klik.
                  . Informazio gehiago: klik.

AURKEZPEN-GUTUNAREN GORPUTZA

 Aurkezpenaren testua:

a) (egunkaria, web orrialdea, enplegu ataria) bidez eskaini duzuen (zehaztu eskainitako lanpostua) lanpostua dela-eta idazten dizuet, eta nire curriculuma erantsi dut, zuen interesekoa izango delakoan.

b)  Lerro hauen bidez, (zehaztu eskainitako lanpostua) lanposturako (egunkaria, web orria, enplegu ataria) bidez argitaratutako eskaintza oso interesgarria iruditzen zaidala adierazi nahi dizuet, eta nire curriculuma bidaltzen dizuet hautaketa-prozesuan kontuan har dezazuen.

c)  (zehaztu non izan duzun eskaintzaren berri) bidez izan dut (zehaztu eskainitako lanpostua) lanpostua betetzeko egin duzuen eskaintzaren berri, eta nire curriculuma bidaltzen dizuet zuen interesekoa izango delakoan.

d)  (adierazi non izan duzun eskaintzaren berri) bidez argitaratutako iragarkiari erantzunez, atsegin handiz adierazten dizuet oso interesgarria iruditzen zaidala (adierazi eskainitako lanpostua) lanpostua. Hori dela eta, nire curriculuma bidaltzen dizuet, nire prestakunta akademikoarekin eta lanbide-esperientziarekin, baita bestelako informazio gehigarriarekin ere.

Azpimarratu beharreko ibilbidearen testua:

a) Ikus dezakezuenez, prestakuntza eta esperientzia zabala dut (adierazi arloa/jarduera, sektorea, lanpostua) egiten, eta azken urteetan, batez ere, (adierazi eginkizunak) egin dut gaur egun ere lantokitzat dudan (adierazi enpresaren izena) enpresan.

b) (adierazi lanbidea/lanpostua) gisa izan dudan lanbide-esperientzia dela bide, lanpostu horretako eginkizunak gauzatzeko gai naizela uste dut.

c) Nire prestakuntza, nire lanbide-esperientzia zein nire (adierazi lanposturako garrantzitsuak diren gaitasun pertsonalak, adibidez: gaitasun ekintzailea, taldean lan egiteko gaitasuna, ekimena...) direla bide, zure enpresak eskainitako lanpostuan lan egiteko gai naiz.

d) Oraintsu (adierazi ikasketak) ikasketak amaitu ditut, eta praktikak (adierazi enpresa) enpresan egin ditut, (adierazi lanpostua) lanpostuan, (adierazi iraupena) iraupenarekin.

Helburuen testua:

a) Aipatutako arrazoiengatik, zuek deitutako hautaketan nire hautagaitza kontuan hartzea gustatuko litzaidake.

b) Hori dela eta, elkarrizketa pertsonala egitea eta egiaztatu edo zehaztu nahi dituzun alderdi guztiak azaltzea gustatuko litzaidake.

c) Lanpostu horretarako gai naizela erakusteko zuekin elkarrizketa bat izatea gustatuko litzaidake, beharrezko informazio guztia zabaldu ahal izateko.

d) Hori guztia dela eta, hautaketa-prozesu honetan parte hartzea gustatuko litzaidake.

Agurtzeko testua:

a) Nire eskaera kontuan hartuko duzuelakoan, zuen esanetara naukazue elkarrizketa bat egiteko, eta bide batez, har ezazue nire agur zintzoa.
Adeitasunez,

b) Nire eskaera aztertuko duzuelakoan eta aldez aurretik eskainitako arreta eskertuz, har ezazu nire agur zintzoa,

c) Nire profila zuek eskaintzen duzuen lanpostura egokituko delakoan, bide batez har ezazue nire agur zintzoa. Adeitasunez,

d) Zure arreta eskertuz eta zure berrien zain, har ezazu nire agur zintzoa

Curriculuma

Zure aurkezpen-txartela da, beraz, detaile guztiak zaindu behar dituzu. Curriculuma berritu eta eguneratu egin behar duzu lan eskaera bat egiten duzun bakoitzean. Inpresio ona ematea lortzen baduzu, seguru egon zaitezke zure hautagaitzak aurrera jarraituko duela aukeraketa prozesuan. Bestela, guztia bukatu da.
Curriculumak eskatzailearen ibilbide pertsonal eta profesionalaren arlo nagusiak bildu beharko lituzke. Horregatik, besteak beste, honako datu hauek ere eduki beharko lituzke:
  • Datu pertsonalak.
  • Ibilbide akademikoa: egindako ikasketak, titulazioa, zein zentroetan egin dituzun ikasketak, hasiera eta amaiera datak.
  • Prestakuntza osagarria: ikastaroak, diplomak, kongresuetara asistentzia, mintegiak, jardunaldiak.
  • Hizkuntzak: zehaztu menderatze-maila.
  • Lanbide-esperientzia: zein enpresatan egin duzun lan, zein izan den zure eginkizuna, datak eta iraupena.
  • Txostenak edota erreferentziak.
  • Eranskinak: curriculumeko datuak justifikatzen dituzten agirien fotokopiak.

Curriculuma idazteko era ugari daude, baina orientazio bezala hiru aipatuko ditugu. Aukeratu ezazu gustukoen duzuna edo zure beharrizanetara gehien egokitzen dena:
  • Kronologikoa: Curriculumeko datuak zaharrenetik berrienera antolatzen dira. Ez da gomendagarria enpleguz sarritan aldatu den kasuetan.
  • Atzekoz aurrera: Azken lan esperientziak nabarmentzeko erabiltzen da. Gomendagarria da lan nabarmendu nahi den esperientzia horrek lortu nahi dugun lanarekin zerikusia badauka.
  • Gaika: Curriculuma gai-multzoka antolatzen da. Gomendagarria esperientzia oso sakabanatuta dagoenean.
Idazkeran argia izan behar zara eta hizkuntza zehatz eta zuzena erabili behar duzu. Izan zaitez zintzoa zure azalpenetan. Hori bai, zure interesen kalterako izan daitekeen arloren bat balego, ez ezazu datu hori gehitu.

Aurkezpena zaindu ezazu. Interesgarriak deritzezun atal guztien detaileak eman eta ez ezazu ezer utz etorkizuneko elkarrizketarako, baliteke elkarrizketa hori inoiz ez ospatzea.

Elkarrizketa pertsonala
Aukeraketa prozesuko unerik garrantzitsuena da, une seinalatua. Lan-elkarrizketak ezberdinak izaten dira enpresaren ezaugarrien edota tamainaren arabera.
Aldez aurretik prestatu behar duzu elkarrizketa: aurkitu zure puntu sendoak eta ahulak eta aukeratuko zaituen enpresari buruzko informazioa bilatu ezazu. Saiatu zaitez, posible balitz, elkarrizketa nork egingo dizun jakiten.
Zaindu zure itxura fisikoa. Gogoratu produktu bat saldu behar duzula, eta produktu hori zu zeu zara. Garrantzitsua da itxura garbi eta apaindua erakustea. Saiatu zaitez enpresa horretako ohituren araberako janzkera eramatea.
Elkarrizketaren unea heltzen denean, gomendio nagusia lasai egotea da. Saihestu itzazu estresa eta tentsio egoerak, segurtasun eza baino ez dizkizute ekarriko, eta hori zure kontra joango da.
Hauexek dira, beraz, elkarrizketa ondo ateratzeko ahaztu behar ez dituzun urrezko arauak:


  • Ez zaitez inoiz berandu iritsi.
  • Saia zaitez itxura ona ematen.
  • Ez ezazu elkarrizketatzailea eten.
  • Ez ezazu zure curriculuma puztu.
  • Ez zaitez gaizkiesaka aritu.
  • Ikas ezazu zeure burua saltzen.
  • Zaindu zure hizkuntza, ekidin itzazu lagunarteko esamoldeak.
  • Izan ezazu zeure buruarekiko konfiantza.
  • Aldarte irekiarekin egon zaitez.
  • Denbora nahikoarekin presta zaitez.
  • Esaten dizutenari adi egon zaitez eta erakutsi ezazu, keinu bitartez, elkarrizketatzaileak esandakoari arreta osoa eskaintzen ari zarela.

Elkarrizketaria konturatu behar da oso interesatuta zaudela lanpostu hori eskuratzeaz. Behar duen pertsona zu zarela sinestarazi behar diozu.
Enpresaren edota lanpostuaren ezaugarrien arabera era ezberdinetakoak izan daitezke lan elkarrizketak: taldekakoak, bakarkakoak, aurre-hautespenekoak, simulaziozkoak, txokekoak?

Lan-elkarrizketa guztiak desberdinak dira. Halere, elkarrizketa prestatzeko unean, kontuan izan beharko duzu elkarrizketa guztiek fase berdinak errepikatzen dituztela.

Gomendioak jarraitzen badituzu, zure lan-elkarrizketa arrakastatsua izango da eta lana eskuratzeko aukerak izango dituzu. Irakur itzazu arretaz ondoren laburburtutako lan-elkarrizketaren faseak:

    1. Agurra. Naturala izaten saiatu zaitez, baina pasatu gabe. Eskua estutu ostean, elkarrizketatzaileari ekimena hartzen uztea da zuzenena.
    2. Sarrera. Garrantzi handirik gabeko gaiei buruzko azalpenak eman ditzakezu giroa jartzeko. Ezer bururatzen ez bazaizu, eguraldia eta zirkulazioari buruz hitz egin dezakezu.
    3. Enpresari eta lanpostuari buruzko datuak. Eskaintzen den lanpostuari eta enpresari buruzko argibideak emango dizkizute. Oso ongi geratuko zinateke enpresari buruz zertxobait badakizula erakusten badiezu. Horretarako, ondo legoke joan aurretik informazioa biltzea.
    4. Datuak biltzea. Zure heziketaren, esperientziaren, familiako datuen eta zaletasunen inguruko galderak egingo dizkizute. Ez ezazu zure curriculuma gehiegi puztu, harrapatu egin zaitzakete eta.
    5. Elkarrizketaren amaiera. Galderak egiteko une egokiena da. Aprobetxa ezazu une hori argi geratu ez zaizkizun puntuen inguruko galderak egiteko. Ez zaitez lotsatu, damutu egingo baitzaizu galderarik egin ez izana.

      Curriculum elebidunak
Curriculum elebiduna idatzi nahi izanez gero, eta ahalik eta argien emateko, beharbada, aukerarik onena da orri batean euskarazkoa idaztea eta beste batean erdarazkoa.
Kasu horretan, euskara lehenesteko, kontuz ibili behar dugu curriculuma tolestu eta gutunean sartzerakoan: gutuna zabaltzean, euskarazkoak izan behar du ikusten den lehenengoa.

              . Curriculumaren ESKEMA.
       
              . Fraseologia.
              . Euskarazko ADIBIDEA.
              . Aholkuak: KLIK

              . Zure curriculuma modernizatzeko on-line aplikazioak.
              . Curriculum baten adibidea: KLIK

                   . Curriculum egokia nola egin 5 urratsetan: klik, klak, klok.




Bideocurriculuma
Lana aurkitzeko orduan gure burua Interneten aurkeztea, gure helburua lortzeko beste era bat izan daiteke. Zentzu horretan sarean hainbat hautagaik eskegitzen dute bere bideocurriculuma. Gaitasun pertsonalak era originalean indartu eta enpresen arreta sortzeko egiten dira bideo bidezko aurkezpenak. Grabaketen estiloari dagokionez aukerak anitzak dira, nori zuzentzen gatzaizkion eta zer lortu nahi dugun argi izatea komeni da bideoa egin aurretik. Gainera kontutan izan Interneten (publiko utziz gero) edonork ikus dezakeela gure bideoa eta ez da komeni datu pertsonal gehiegi ematea.

                                                      Iturriak: Ikasbil.net, Euskadi.net ...